Edukira joan

T linfozito

Wikipedia, Entziklopedia askea
T linfozito
Xehetasunak
Honen parteimmunitate-sistema
Kokapenaodola
sistema linfatikoa
Identifikadoreak
Latinezlymphocytus T
MeSHA15.145.229.637.555.567.569 eta A15.382.490.555.567.569 A11.118.637.555.567.569, A15.145.229.637.555.567.569 eta A15.382.490.555.567.569
THH2.00.04.1.02007
FMA62870
Terminologia anatomikoa

T linfozitoa edo T zelula linfozito mota bat da, zelulen bidezko erantzun immunitarioaren arduraduna. T linfozitoak Immunitate-sistemaren funtsezko elementuak dira, immunitate zelularrean ez ezik, antigorputzen bidezko immunitatean ere oso zeregin garrantzitsua burutzen dutelako.[1] Hezur-muinean sortzen dira eta timoan garatzen.[2] Beste linfozitoek ez bezala, TCR (T Cell Receptor) izeneko hartzailea dute mintz plasmatikoan.

T linfozito motak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Funtzioaren arabera, T linfozito mota desberdinak deskribatu dira:

  • T linfozito zitotoxikoak (Tc), CD8+ ere deituak, mintz plasmatikoaren azalean CD8 glukoproteina dutelako; gauza dira birusek edo beste mikrobio batzuek -zelula barneko parasito direnak- infektatutako zelulak ezagutzeko eta suntsitzeko.[3] Infektatutako zelularen azaleko HLA I hartzaileari lotutako peptido motz bat (8-11 aminoazido) hautematen dutenean aktibatzen dira. Aktibatu ondoren, infektatutako zelularen apoptosia eraginen dute, zitotoxinak (perforina, granzima) isuriz edo zelulen arteko kontaktu zuzenaren bidez.[4] Zelula tumoralak ere suntsitzen dituzte CD8+ linfozitoek, eta transplantatutako organoen zelulen aurka ere jarduten dute (errefusaren arduradunak dira).
  • T linfozito laguntzaileak (Th); B linfozitoen garapenean parte hartzen dute, hauek antigorputzak sor ditzaten, eta baita T linfozito zitotoxikoen eta makrofagoen aktibazioan ere.[5] CD4+ ere deitzen zaie, mintz plasmatikoaren azalean CD4 glukoproteina dutelako. Zelula antigeno-aurkezleek, HLA II hartzailearen bitartez, antigeno peptidiko bat aurkezten dietelarik aktibatzen dira. Aktibatu ondoren, azkar zatitzen dira, eta erantzun immunitarioa erregulatzen duten zitokinak jariatzen dituzte. Hiru azpimota nagusi daude: Th1, Th2 eta Th17.[4]
  • Oroimen T linfozitoak; garrantzi handikoak hartutako erantzun immunean. Patogeno baten infekzioaren ondorioz aktibatuak, bizi luzekoak dira, eta erantzun azkarra eman dezakete patogeno bera berriz hautematen badute. CD4+ edo CD8+ izan daitezke, eta CD45RO molekula izaten dute azalean. Oroimen T linfozito efektoreak (Tem) eta oroimen T linfozito zentralak (Tcm) bereizten dira.[8][9]

T linfozitoen zelula progenitoreak hezur-muinean sortzen dira. Sortu ondoren heldugabeak dira, eta ezin dira B linfozitoetatik bereizi. Odolaren bidez timora joaten dira zelula aitzindari horiek, eta bertan heltzen. Timoan dagoen heldugabeko linfozitoari timozito deritzo. Iritsi berriko timozitoak CD4/CD8 negatibo bikoitzak dira baina, TCR hartzaileen geneen berrantolaketaren ondoren, positibo bikoitz bihurtzen dira. Ondoren, aukeraketa positiboa gertatzen da CD4+/CD8+ linfozitoen gainean: MHC I edo MHC II hartzaileei era egokian lotzen diren timozitoei biziraupen-kinada ematen zaie; MHC I molekulekin ongi elkarrekiten duten zelulak CD4-/CD8+ bilakatuko dira, eta MHC I molekulekin ongi elkarrekiten dutenak CD4+/CD8-.[10] MHC molekulei lotzen ez direnek, berriz, apoptosia pairatuko dute.[4]

Heltze-prozesuaren azken urratsa aukeraketa negatiboa da: MHC-berezko antigeno konplexuari gehiegizko afinitatearekin lotzen diren timozitoei apoptosi-kinada emanen zaie; gainerakoak CD8+ edo CD4+ T linfozito bilakatuko dira. Aukeraketa negatiboaren bitartez autotolerantzia lortzen da, alegia, norberaren antigenoekin ez elkarrekitea. Heltze-prozesu hau oso zorrotza da, eta hasierako timozitoetatik % 2k besterik ez du gainditzen.[4] Timoan heldu ondoren, T linfozito guztiak odolera eta linfara abiatzen dira, eta gongoil linfatikoetan metatzen.

T linfozitoen aktibazio prozesua

Antigeno batekin topo egiten dutenean lortzen dute T linfozitoek erabateko heldutasuna, orduan aktibatzen baitira. Horretarako zelula antigeno-aurkezleen (APC) jarduna ezinbestekoa dute, hauek arduratzen baitira antigenoa T zelulei aurkezteaz. Aktibazioa desberdina izanen da T linfozito motaren arabera. Aktibazioa eraginkorra izan dadin, T linfozitoen eta APCen arteko bi elkarrekintza beharrezkoak dira.[4]

Mikrobio inbaditzaile bat organismoan sartzen bada, makrofagoek edo zelula dendritikoek fagozitatuko dute. Bai makrofagoak, bai zelula dendritikoak, antigeno-aurkezleak (APC) dira, eta fagozitatu duten egitura (patogenoa, molekula,..) prozesatuko dute; hots, egitura horren molekula zati esanguratsuena (antigenoa) bereiziko dute eta, MHC II motako hartzaile baten bidez, mintz plasmatikoren kanpoaldera aurkeztuko. CD4+ T linfozitoak dira era horretan aurkeztutako antigenoa antzematen dutenak, TCR hartzailearen bitartez.[11] Bigarren elkarrekintza bat ezinbestekoa da aktibazioa gerta dadin, APCen B7 molekularen eta CD4+ T linfozitoen CD28 hartzailearen artekoa zehazki. Aktibatua izan ondoren, Th linfozito horrek bere burua klonatzen du (hedapen klonala). Era horretan, antigeno horri espezifikoki aurre eginen dioten Th zelula asko sortzen dira.[4] Ugaltzeaz gain, Th linfozitoak desberdintzatu egiten dira Th1, Th2 eta Th17 azpimotetan. Azpimota bakoitzak erantzun immunitario desberdina eraginen du, zitokina espezifikoak ekoizten baititu.[12]

T linfozito zitotoxikoek, berriz, zelula barneko patogenoetatik babesten dute organismoa. Patogeno horiek (birusak eta bakteria eta parasito batzuk) zelula ostalariaren zitoplasman ugaltzen dira, antigorputzen erasoa jasan gabe. Tc linfozitoek infektatutako zelula hiltzen dute, patogenoak ugaldu eta zelulatik irten baino lehen. Infektatutako zelulak berak aurkezten dio patogenoaren antigenoa CD8+ T linfozitoari, MHC I hartzailearen bitartez; izan ere, organismoko nukleodun zelula guztiek dute MHC I hartzailea beren mintz plasmatikoan. CD8+ T linfozitoak TCR hartzailearen bitartez elkarrekiten du antigeno/MHC-I konplexuarekin.[13] Aktibazioa gertatzeko beharrezkoa den bigarren seinalea zelula antigeno-aurkezlearen B7-1 edo B7-2 molekularen eta CD8+ T linfozitoaren CD28 hartzailearen arteko elkartzeak ematen du, eta zitokina espezifikoen jariapenak aktibazioa bermatzen du.[14] Aktibatua izan ostean, Tc linfozitoak infektatutako zelula hilko du, perforina eta entzima proteolitikoak isuriz edota zelulen arteko kontaktu zuzenaren bitartez, aldameneko zelulak kaltetu gabe.[4][13]

T linfozitoak eta hiesa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiesaren birusak (GIBak) immunitate-sistema nabarmen ahultzen du, eta immunoeskasia larria eragiten du infektatutako gizabanakoetan. T linfozitoak (batez ere linfozito laguntzaileak, Th) suntsitzen ditu birus horrek, immunitate humoralean zein zelularrean funtsezko zeregina burutzen duten linfozitoak (gogoratu Th linfozitoak antigeno arrotzak identifikatzen eta erantzun immunea abiatzen lehenak direla). HIESa oso fase garatuan duten gaixoek T linfozito CD4+ gutxi dituzte.[15]

T linfozitoak eta minbizia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Immunitate-sistemak funtsezko zeregina burutzen du minbiziaren prebentzioan, NK zelulen eta T linfozitoen bidez, zelula hauek minbizidun zelulak ezagutu eta suntsitzen baitituzte. Tumore baten zelulek zelula normaletan agertzen ez diren azaleko antigenoak dituzte. Immunitate-sistemak antigeno horiek arrotzatzat hartzen ditu, eta antigeno horiek dituzten zelulei eraso egiten die. Erasotzeko erabiltzen dituen elementuak makrofagoak, NK zelulak eta T linfozitoak dira.[16] NK zelulak, bereziki, oso aktiboak dira zelula gaiztoak suntsitzen, T linfozito zitotoxikoekin batera.[17][18] Batzuetan zelula gaiztoen aurkako antigorputzak ere sortzen dira, konplementu sistema aktibatzen dutenak lisia eragiteko.[19][20]

Immunozaintzaren teoriak dioenez zelula gaiztoak eta tumoreak sarri sortzen dira gorputzean, baina immunitate-sistemaren elementuek zelula horiek deusestatzen dituzte tumorea sortu aurretik. Teoria horren aldeko argudio nagusia da pertsona immunogutxituek (HIESa dutenek, botika immunosupresoreak hartzen dituztenek, adineko jendeak -T linfozito gutxiago dutenek-...) minbizia errazago pairatzen dutela immunitate-sistema normala dutenek baino.[21][22]

Zahartu ahala, minbizia pairatzeko probabilitatea areagotu egiten da. Horren arrazoia honako hau izan liteke: timoa, T linfozitoak sortzeko ezinbestekoa den organoa, urteak bete ahala endekatu egiten da: umeengan lortzen du organo horrek bere tamainarik handiena, baina gero atrofiatzen da eta zahartzaroan oso txikia da. Horrenbestez, aro horretan T linfozitoen kopurua asko murrizten da eta immunozaintzaren eraginkortasuna (hots, tumoreak detektatzeko eta suntsitzeko ahalmena immunitate-sistemaren bidez) nabarmen jaisten da.[21]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskalterm: T linfozito, euskadi.eus
  2. Alberts, B., Johnson, A., Lewis, J., Raff, M., Roberts, K., Walter, P.. Lymphocytes and the Cellular Basis of Adaptive Immunity. Molecular Biology of the Cell, Garland Science, New York, 1367 (Noiz kontsultatua: 2020-5-31).
  3. Sistema inmunologikoaren osagaiak: zelulak eta organoak. Lur Entziklopedia Tematikoa, CC-BY 3.0, euskara.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-5-29).
  4. a b c d e f g Azkargorta Mugika, Mikel. E2F2 transkripzio-faktorearen funtzioa aztertzeko hurbilketa proteomikoa. Euskal Herriko Unibertsitatea, 2010, euskara.euskadi.net (Noiz kontsultatua: 2020-5-29).
  5. McHeyzer-Williams, L., Malherbe, L., McHeyzer-Williams, M.. Helper T Cell-Regulated B Cell Immunity. Current Topics in Microbiology and Immunology, 2006; 311:59-83, doi: 10.1007/3-540-32636-7_3., pubmed.ncbi.nlm.nih.gov (Noiz kontsultatua: 2020-5-29).
  6. Bettelli, E., Carrier, Y., Gao, W. et al.. Reciprocal developmental pathways for the generation of pathogenic effector TH17 and regulatory T cells. Nature, 441, 235–238 (2006), doi: 10.1038/nature04753., nature.com (Noiz kontsultatua: 2020-5-29).
  7. Corthay, A.. How do Regulatory T Cells Work?. Scandinavian Journal of Immunology, 2009ko urria, 70(4): 326–336, ncbi.nlm.nih.gov (Noiz kontsultatua: 2020-5-31).
  8. Devi, Mani, Vijayalakshmi, Dhanaraj, Dhivya, Kumar, Janane, Murali. Memory T Cells (CD45RO) Role and Evaluation in Pathogenesis of Lichen Planus and Lichenoid Mucositis. Journal of Clinical and Diagnostic Research, 2017ko maiatza, 11(5): ZC84–ZC86, doi: 10.7860/JCDR/2017/26866.9930, ncbi.nlm.nih.gov (Noiz kontsultatua: 2020-5-31).
  9. Altuna, Jon. Oroimen immunologikoa. Euskal Herriko Unibertsitatea, studocu.com (Noiz kontsultatua: 2020-5-31).[Betiko hautsitako esteka]
  10. Zerrahn, Jens, Held, Werner, Raulet, David H.. The MHC Reactivity of the T Cell Repertoire Prior to Positive and Negative Selection. Cell, 88 (5): 627–636, doi: 10.1016/S0092-8674(00)81905-4, cell.com (Noiz kontsultatua: 2020-6-1).
  11. San Juan, Ramon. Moldatutako erantzun immunitarioa (apunteak). Alea, 2016ko apirilak 19, CC BY-SA 3.0, alea.eus (Noiz kontsultatua: 2020-6-4).
  12. Alberts, Bruce, Johnson, Alexander, Lewis, Julian, Raff, Martin, Roberts, Keith, Walter, Peter. Helper T Cells and Lymphocyte Activation. Molecular Biology of the Cell 4th edition, 2002, ncbi.nlm.nih.gov (Noiz kontsultatua: 2020-6-4).
  13. a b Alberts, Bruce, Johnson, Alexander, Lewis, Julian, Raff, Martin, Roberts, Keith, Walter, Peter. T Cells and MHC Proteins. Molecular Biology of the Cell 4th edition, 2002, ncbi.nlm.nih.gov (Noiz kontsultatua: 2020-6-6).
  14. Ara A., Ahmed K.A., Xiang J.. Multiple effects of CD40–CD40L axis in immunity against infection and cancer. ImmunoTargets and Therapy, 7 (2018), 55—61. orrialdeak, dovepress.com (Noiz kontsultatua: 2020-6-6).
  15. Recuento de linfocitos CD4. medlineplus.gov (Noiz kontsultatua: 2020-6-7).
  16. Larrinaga, Gorka, Badiola, Iker, López, José Ignacio. Tumorearen mikroingurunean ezkutaketan jolasten. Zientzia kaiera, 2018, zientziakaiera.eus (Noiz kontsultatua: 2020-6-7).
  17. Castelli C., Rivoltini L., Andreola G., Carrabba M., Renkvist N., Parmiani G.. T cell recognition of melanoma-associated antigens. Journal of Cellular Physiology. 2000, 182(3), 323‐331, pubmed.ncbi.nlm.nih.gov (Noiz kontsultatua: 2020-6-7).
  18. Romero P., Cerottini J.C., Speiser D.E.. The Human T Cell Response to Melanoma Antigens. Advances in Immunology, 2006, 92, 187-224, doi: 10.1016/S0065-2776(06)92005-7, pubmed.ncbi.nlm.nih.gov (Noiz kontsultatua: 2020-6-7).
  19. Guevara-Patino J.A., Turk M.J., Wolchok J.D., Houghton A.N.. Immunity to Cancer Through Immune Recognition of Altered Self: Studies With Melanoma. Advances in Cancer Research, 2003, 90, 157-77, doi: 10.1016/s0065-230x(03)90005-4, pubmed.ncbi.nlm.nih.gov (Noiz kontsultatua: 2020-6-7).
  20. Renkvist N., Castelli C., Robbins P.F., Parmiani G.. A Listing of Human Tumor Antigens Recognized by T Cells: March 2004 Update. Cancer Immunology, Immunotherapy, 2005 Mar, 54(3), 187-207, doi: 10.1007/s00262-004-0560-6, pubmed.ncbi.nlm.nih.gov (Noiz kontsultatua: 2020-6-7).
  21. a b Saavedra Hernandez, D., García Verdecia, B.. Inmunosenescencia: efectos de la edad sobre el sistema inmune. Revista Cubana de Hematología, Inmunología y Hemoterapia, 30, 2014 (4), revhematologia.sld.cu (Noiz kontsultatua: 2020-6-7).
  22. Ingraham, J. eta Ingraham, C.: Introducción a la Microbiología vol. II, Ed. Reverté (1998), 443 orr. ISBN: 84-291-1871-3

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]